Pedro Muguruza arkitekto elgoibartarrak frankismoarekin izan zuen lotura dela-eta Elgoibarren bere izena daraman etorbide bat edukitzea “onartezina” dela salatu du Elgoibar1936plataformak bere blogean. Bertan adierazten dutenez, “kaleari beste izen bat ematea izango litzateke egokiena, frankistek Elgoibarren hil zituztenengatik eta baita ‘Ley de la Memoria Historica’ delakoak hala dioelako”. Plataformakoek Pedro Muguruzak 2. errepublika garaian altxamendu militarra sustengatu zuela salatzen dute, eta gero Falangearen menpean zegoen “Direccion General de Arquitecturas” erakundeko zuzendaria izan zela. Kargu horretan iraun zuen bitartean “Valle de los Caidos” Frankoren agindupean eginiko obra izan zen Muguruzaren arkitektura lanik ezagunena. Obra faraoniko haren eraikuntza lanetan pertsona asko hil zirela salatzen dute Elgoibar1936 plataformakoek, eta, hori dela-eta, “ezin da onartu Elgoibarko kaleetan pertsona hau goraipatzeko kale bat edukitzea” diote. Memoria Historikoaren Legea
Memoria Historikoaren Legea ere aipatzen dute plataformakoek blogean. “Legeari kasu eginez Espainiar estatuko herri askotan hasi dira kaleen izenak aldatzen, Aragoin, Mallorkan (Palman, 68kaleren izenak)… .Baita Euskal Herrian ere, Nafarroan, adibidez, 20 kale izenez aldatuko dituzte Txantrean”. Galdera bat airera botaz amaitzen dute: “Adibide asko daude, baina posible ote da Elgoibarren?”
Elgoibarko seme kutun
Pedro Muguruzaren inguruan sarean aurki daitekeen webgune batek (cuelgamuros.com) arkitektoa Elgoibarren beharrean Madrilen jaio zela defendatzen du. Bertan topatu dugu, baita ere, Elgoibarrek semetzako izendatu zuela Muguruza 1943an, eta ondoren, 1946an herriko seme kutun izendatu zuten (ikus alboko dokumentua). Udalak, gainera, ikastetxe bati eta herriko etorbide bati Pedro Muguruzaren izena ematea erabaki zuen, “muguruzatarrak maite zituzten herritarren oniritziarekin“. |