ELGOIBAR 1936 taldeak eta ARANZADI Zientzia Elkarteak, hainbat norbanakoren laguntzarekin, oroimen historikoaren inguruan egin dituzten lanei esker, Eusko Gudarosteko kide izan ziren 10 gudariren gorpuzkiak aurkitu ahal izan zituzten. Gudari hauek Gerra Zibilean hil ziren, Errepublikaren, Euskal Herriko askatasunaren eta euskal herriak demokratikoki aukeratu zuen Eusko Jaurlaritzaren aldeko borrokan. Hildako hamar gudari horien gorpuzkiak -sei gudarirenak 1982an, eta gainerako laurenak orain- Aiastia (San Migel) inguruan aurkitu dituzte. Hamar gudari haiek osatzen zuten taldea, bestalde, Felipe Bediagak gidatzen zituen konpainiaren parte zen, Aranzadi Zientzia Elkartearen ondorioetan ikus daitekeenaren arabera.
“…. Elgezabal, Estabillo eta Kortabarria konpainiak, Felipe Bediaga eta gerora Arana Goiri batailoiaren ernamuin bihurtuko zen taldea buru zituztela, Eibar aldera hurbildu ziren abuztuko azken egunetan. Parte-hartze ofizial honi esker, herriaren aurrean Errepublika babestu zuten alderdi guztiek, giza baliabideak ere eskaini zioten Errepublikari. Jelkideek gudan izan zuten estreinako esperientzia berebizikoa izan zen, izan ere, Intxortak defendatu behar izan zituzten, Elgeta ondoan, Belgikako brigadista talde baten eta komunista talde baten laguntzarekin.
Borroka honetan, bestalde, Artxandan trebatu zen Eusko Gudarosteko miliziano abertzaleak sartu ziren, ez ordea, Azpeitiko komandantziara atxikita zeudenak. Horrexegatik, Gipuzkoako fronterantz abiatu ziren jelkide boluntario guztiak bizkaitarrak izan ziren. Horiek horrela, Abandoko, Barakaldoko, Bilboko, Begoñako eta Deustuko batzokietan errekrutatu zituzten 150 gazteek osatzen zuten jelkide-taldea, Begoñatik fronterantz abiatu zen autobusez, irailaren 24an. Maltzagara iritsi ostean, Elgoibarrera jo zuten, eta bertan, Aiastiako (San Migel) posizioan kokatu zituzten.
Irailaren 25eko goizaldeko hiru eta erdietan hasi ziren borrokan, mobilizatu zituztenetik egun bat ere igaro ez zela. Hasiera dramatikoa izan zen, Bediagaren indarrek hamar lagun inguru galdu baitzituzten: Miguel Palacio Gómez, Juan Agirre Bilbao, Paulino Beraza, Blas Larrazeleta, Juan Zabala, Ambrosio Etxebarria, Pedro Rodríguez Puig, José Txintxurreta Zamakona, Félix Arbulu Bilbao eta José Azueta Mendiolea. Handik bi egunetara beste bi gizon galdu zituzten, hain zuzen ere, Juan Izagirre Salazar eta Jon Telleria Gabikagogeaskoa, orduko hartan, Elgetan.”
Hala, Elgoibarko Udalean ordezkaritza duten EAJ – PNV, BILDU, PSE – EE talde politikoek ondorengoa erabaki dute:
1.- Errepublikaren, Euskal Herriko askatasunaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldeko borrokan hil zituzten gudarien omenezko ekitaldiarekin bat egitea. Omenaldia ekainaren 16an, larunbata, izango da Zirardamendi inguruan, gorpuzkiak aurkitu dituzten lekuan. Horretaz gain, lore-eskaintza bat egingo da gudari horien omenez, igandean, ekainak 17, Aiastia auzoko San Migel ermitan egingo den mezatan.
2.- Udal Batzarrari hurrengo puntuak aurkeztu onartuak izan daitezen:
a) ELGOIBAR 1936 taldea, oroimen historikoaren inguruan, egiten ari den lana aitortzea eta eskertzea.
b) Zirardamendin hildako gudariei eta haien senideei gure mirespena eta aintzatespen zintzoa adieraztea.
c) Aurkitutako pertsonen gorpuzkiak duintasunez tratatuko direla bermatzea, familien nahiarekin bat eginda.