Frankismoaren Biktimei Omenaldia

Dignitatearen txokoa.

Elgoibar1936 elkartearen izenean, eskerrik asko etorri zareten guztioi.

Herenegun, hilaren 21ean izan zen, orain 81 urte, faxistak Elgoibarren sartu zirela. Gipuzkoa osoa zapaltzen ari ziren, eta Bilbora 2 asteetan iristea nahi zuten; baina hemen, gure mendietan, maltzaga eta kalamua artean, zazpi hilabetetan gelditu zituzten, ezin aurrera eginda.

Ziardamenditik atzeraka, Morkaiku galdu eta hurrengo lerroan, frontean burrukan aritu izan ziren CNTko eta Amuategi batailoiko milizianoak lehenik, eta gero, EAJeko, Eusko Gudarosteko lehen batailoiak.

Bitartean, faxistek, herrietan, euren gizarte atzerakoi eta trixtea ezartzeari ekin zioten; errepresioa eta beldurraren bidez ezarri ere. Elgoibarko biztanleen %10k ihes egin behar izan zuen, sei ehundik gora.

Oinarrizko eskubideak ezabatu zituzten, alderdi politikoak, elkarteak eta sindikatuak debekatu, demokratikoki hautatutako udala hartu, alkatea atxilotu, “toke de keda” ezarri, herritarren propietateak konfiskatu, batzuk atxilotu eta, egun gutxiren buruan, fusilatu.

80 urte eta gero, oraindik, asko daude desagertuak. Euskadin 8000 inguru, Nafarroan 3500, eta Estatu espainolean 130 mila. Izugarria.

Desagertuak eta ahaztuak. Galtzaileak beti ahaztuak izaten direlako. Lurperatze gizatiarra ere merezi izan ez zutenak. Han utzi zituzten, mendian, kunetetan, izenik, eta izanik gabe.

Halere, isilean bada ere, erdi ezkutuan, errelato ofizialetatik kanpo, historiako liburuetatik kanpo, lekukoen testigantzei esker, batzuk errekuperatu ahal izan ditugu.

Hemen daude, joan zen urtetik horietako 27. 25 identifikatu gabeak. Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Mutrikun, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian ateratakoak dira hezurdura hauek.

Dignitatearen txokoan dauzkagu. Eta hemen lasai egon daitezke, pakean, eta herritarren maitasuna, eta oroitzapena jaso dutela, oroitzapena baita gelditzen zaiguna 80 urte eta gero.

Hemen daudenak, eta geure buru eta bihotzetan daudenak. Errepresioa jasan izan zutenak, zigortuak izan zirenak, lapurtuak izan zirenak, kartzelaratuak izan zirenak, eta egoera itogarri horretan iraun ahal izan zutenak, denak frankismoaren biktimak, hainbeste urtetan baztertuak, gaur nahi ditugu gogoratu, Dignitatearen txoko eder honetan.

Eta oroitzapen hau bizirik daukagulako gogoratzen dugu, baita ere, Espainiako estatuak ez duela ezertxo ere egin egoera hau konpontzeko. Memoria historikoaren legea, eurak egindakoa ere, ez du bete. Ez du bilatu ez Egirik, ez justiziarik, ez erreparaziorik.

Are gehiago, Frankismoaren ondorengoak agintzen dutela oraindik esango nuke, Oraintxe bertan Katalunian gertatzen ari dena ikusi eta gero. Eta ezin dugu horiengandik ezer espero. Gerra irabazi zutenak agintean baitaude.

Horregatik, geure indarrez bakarrik, Frankismoaren biktimen dignitatea zabaltzen, harrotzen jarraitu behar dugu, eta ahal den neurrian, gure historia berregiten.

Guk ez ditugulako ahaztuko. Askatasunagatik bizia eman zutenak maite ditugu, Askatasunagatik zapalduak izan zirenak gure bihotzean daude. Ez ditugu ahaztuko.

Elgoibarren, 2017-09-23

Argazki Galeria: https://photos.app.goo.gl/HaqtXHb2LpuctEXp2

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s