Omenaldia

Egunon denoi Elgoibar1936ren partetik,

Eskerrik asko ekitaldi honetan parte hartzera etorri zaretenoi, Haritz dantza taldea, txistulariak, Mausitxa Txaranga, Elgoibarko udala, Elgoibarko EHBildu, EAJ, Podemos, Elgoibarko PSE…

Eta batez ere, zuoi, frankismoaren zapalketa jasan zenutenoi, Eskerrik asko guztioi.

82 urte dira, jada, Elgoibarko herrira faxistak sartu zirenetik.

Herri guztietan, faxista haiek, era sistematikoan, MOLA jeneralaren gorrotozko pentsamendu mendekuzalea ezarri zuten: edozein hartu, eta fusilatu, atxilotu, ondasunak kendu, eta menderatu. Jendarteak euren boterea sumatzea nahi zuten, ezintasuna sentiarazi, denak euren aurrean burua makurtu, eta askatasun nahiak, bai pertsonalak, bai herrienak, ahazteko.

Nazional-katolizismoa deitu zioten ezarri zuten jendarte atzerakoi, indibidualista, matxista, eskuineko eta gezurrezkoari. Dena debekaturik zegoen, dena pekatuz eta tabuez bete zuten, auzokoek elkarrekiko susmagarriak eginaz; Eskubide zibil eta politikorik gabe, elkartze edo adierazpen askatasunik gabe, dena kontrolpean. Zenbat urte!!!

Batzuk esaten digute alde bietan egon zirela hildakoak. Egia da, frontean batez ere, 36tik 39ra alde bietan egon ziren, baina gero ez, urte askotan irabazleek, eta eurak bakarrik, zapalkuntza, heriotza, ezarri zuten.

Horrez gain, horiei esan behar diegu Faxisten aldeko hildakoek erregimenaren babesa izan zutela, ohorea, errekonozimendua, eta elizako sarreran jarri zituzten “muertos por la patria” zioen leloarekin. Besteak, ordea, ahaztuak, txakurrak bezala lurperatuak izan ziren, eta oraindik batzuek non dauden ere ez dakigu.

1936tik aurrerako Galtzaileek ez zuten izan ez justiziarik, ez errekonozimendurik, ez erreparaziorik.

Adibide bat, gure herrian gertatutakoei buruz, familia oso baten suntsipenaz, hementxe urrean: Olasopeko bi gizon, Joxe Alberdi Etxaniz, eta Jose Alberdi Arrieta, espioitza leporatuta fusilatu zituzten gaur egun sigmako etxeak dauden tokiko lubakian. Alberdi Arrietaren arrebak, Jeronima eta Maria ere ia fusilatu zituzten, eta azkenean Ondarreta eta Saturrarango presondegietan eduki zituzten 7 urteetan. Euren kontrako guztia faltsua zen, geroago jakin zuten bezala.

Eta horrelakoak, dozenaka gure herrian. Danentzat Gure oroimena. Elgoibartar hildako guztiei, bai frontean, bai bonbardeaketetan, bai kartzeletan, bai atzerrian, bai gerrak eragindako edozein egoeratan ere.

Diktadorea ohean hil ondoren, egun batetik bestera, denak demokrata bihurtu ziren Espainian. 78ko “transizioa” deitu zuten hartan euren buruak amnistiatu zituzten: ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzea erabaki zuten, erantzukizunik inork hartu gabe.

Galtzaileak berriro Galtzaile. Gaur da eguna inor ez dela epaitua izan Espainian 1936ko kolpeaz geroztik gertatutako guztia eta ondoren. Argentinan, Chilen, ehunka militar eta politikari kolpista juzkatu dituzte azken aldian, baina Espainian ez dago epaile bat ere, eta milaka dira, gai honi aurre egingo dionik.

2007an, Oroimen historikoaren legea aprobatu zen, eta egia esan, ez dute gauza askorik aurreratu, eta ez daukagu gainera fede asko eurengan: ea gutxienez Valle de los Caidos-etik Diktadorearen mausoleo-hilobia kentzen duten. Hau lotsagarria!! Zein lotsagarria Diktadore hiltzaile bat ohorezko hilobian izatea!

Baina hemen, Euskal Herrian, badago Amnesia inposatuaren aurkako mugimendu nahikoa. Herritarren artetik sortu ziren aspaldi elkarte memorialistak, senideekin batera, hain zuzen ere, alfombra azpitik EGIA ateratzeko, basakeria hau egin zutenak epaituak izan daitezen eskatzeko, JUSTIZIA eskatzeko, eta zapalketa gordin hura jasan zutenen ERREPARAZIOA egiteko. Bertako Instituzioak ere, artean herriko alkatetzak, euren gain hartu dute gaia, oraindik egiteko asko dagoen arren.

Gaurko ekitaldiaren zentzua, beraz, hauxe da, 1936ko estatu kolpea, honek eragin zuen gerra eta ondorengo frankismoaren ondorio hil ziren Elgoibartarrak oroitzea, euren senideei gure hurbiltasuna adieraztea, eta guztientzat EGIA, JUSTIZIA eta ERREPARAZIOA eskatzea.

Gaur hemen, erreparazio xume bat egin nahi dizuegu, errekonozimendua, eta esan ez zaudetela bakarrik, jada ez zaudete bakarrik, jendarte osoa dago zuekin. Gure bihotzetan zaudete.

Agur eta ohore. Agur eta ohore askatasunagatik, eta gure herriaren askatasunagatik bizia eman duten guztiak, eta agur eta ohore, frankismoaren biktima guztiak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.