1766ko matxinada Gipuzkoan gertatutako errebolta izan zen, urte hartan zerealak zuen salneurri handiak, eta merkatariek biltegietan zeukatena saldu nahi ez izateak eragindakoa. Testuinguru orokorrago batean, Antzinako Erregimenaren gainbehera eta aldaketa ekonomiko sakonen ondorioa izan zen, eta Madrilgo Esquilacheren aurkako matxinadaren jarraipen gisa ikus daiteke. Jauntxo lokalen gehiegikerien, librekanbismoaren eta aldatzen ari zen nekazaritza munduaren arteko talka ikusteko balio izan zuen.
Matxinadak hildakorik eragin ez zuen arren, deserrira edo kartzelara zigortu zuten hainbat herritar. Jesuitak egozteko eta haien ondasunak konfiskatzeko baliatu zuen Espainiako Koroak, eta Gipuzkoako liberalek onura handiak lortu zituzten erbeste horren ondorioz.
Elgoibarrera apirilaren 16an iritsi zen matxinada. Egun horretako arratsaldez, herritarrak udalean bildu ziren, eta apaiz eta agintariak San Bartolome parrokiako hilerrian. Jauntxoak euren bileratik atera ziren, protesta gelditzeko eskatuz, baina herritarrek kasurik egin ez eta agintarien etxeetara joan ziren, janari bila. Gau osoan zehar kanpaiek jo zuten, eta goizean baserritar ugari hurbildu ziren zer gertatzen zen jakitera. Goizean, udalera bueltatzerakoan, kapitulazio propioa erredaktatu zuten matxinoek. Agintari, apaiz eta frantziskanoei sinarazi ostean, herriko plazara jaitsi ziren eta aurreko ordenantzak erretzea erabaki zuten.
Elgoibarren arrakasta lortu ostean, Mutrikura joatea erabaki zuten, itsasotik sartzen zen garia hartzeko asmoz.
Apirilaren 21ean Elgoibarren hainbat herritar bildu eta Bergarara oinez joatea erabaki zuten, matxinada han pizteko. Martxa horretan Altzola eta Mendaroko baserritarrei eskatu zitzaien agertzea, edo bestela isuna izango zutela. Bergarara bidean, Soraluzen gelditu ziren, matxinada pizteko asmoz. Baina bertan bazekiten helduko zirela, bergararrek esanda, eta beraz bolborarekin hartu zituzten. Bergarara iritsi zirenak atxilotu zituzten.
Eibarren, udaletxea okupatu zutenen aurkako jazarpena hasi zen hurrengo egunetan, eta hainbatek herritik ihes egin zuten. Maiatzaren 4an berriro buelta zitezela eskatu zuen Udalak, eta prezioa berriro berrezarriko zela esan zen bertan. Matxinada osorik piztu ez bazen ere, herritarrek apaizaren etxea harrikatu zuten. Maiatzaren 10ean beste pleno bat egin zen, Erregearen eta Probintziaren alde. Udalak 30.000 erreal bildu behar izan zituen egindako kalteak ordaintzeko, Zumaran alkate indianoak berak mailegatu zuen dirua. Ihes egindakoak atxilotu zituzten eta soldaduak egon ziren Eibarren zein Elgoibarren maiatzaren 23tik abenduaren 17ra arte.
Aurreko matxinadek ez bezala, errepresio latza izan zuen 1766koak. Orokorrean, 1718ko matxinada zapuztu zuten familia berberek zuzendu zuten 1766koaren aurkako zapaltzea. Errepresio indarrak Donostiatik atera ziren, garaiko oligarkiak eta jauntxoek antolatuta.
Maiatzaren 1ean Elgoibarrera iritsi zen armada.