Agur Felix, eskerrik asko!

Gaur Felix Etxeberria “Parapan” joan zaigu, Elgoibar 1936 elkarteko presidentea.

2007 urtean elkartu ginen zurekin, mendietan zeuden gudari eta milizianoen gorputzak nun zeuden zenekiela eta… hortik aurrera zenbat aldiz elkartu ginen ez dakigu… ehunka bilera eta elkarrizketa egin genituen. Elgoibarko fosak lokalizatu eta markatu zenituen Felix, sekulako lana hartuz. Ez zen lan errexa gainera, jendeak ere ez zuen gaia ikutzerik nahi, ezta istituzioek ere ez;”pakean dagoena pakean utzi” esaten ziguten. Lurren jabeak ere ez ziren oso gogotsu agertzen, baina azkenean lortu zenuen guztiak markatzea.

2007ko abenduan, Madarixara joan ginen Juan Mari Aranbarrirekin batera, atxurrak eskuan hartuta, Oiartzungo taldekoekin. Atxurrean hasi eta konturatu ginen ezinezkoa izango zela hori dena zulatzea… karobia zegoen bertan. Eskabadorea hartu eta 4-5 metrotako zuloa egin genuen, eskabadorearen palak gorpuzkinak aurkitu zituen arte.

Gerora, lan mordoa genuen aurretik, zenbat elkarrizketa egin genituen Felix! 2012an, Ziardamendiko fosak atera genituen argitara, ordura arte inork gutxik mugitu nahi zuena mugitu genuen eta sekulakoa izan zen gero etorritako erantzuna. Frankismoaren biktimei omenaldiak ere antolatu genituen, kolunbarioa, liburua… Zenbat datu, zenbat istorio mingarri, eta zenbat lan. Elgoibarko memoriari egin diozun ekarpena izugarria izan da, zugabe ezinezkoa izango zena, baina baita Elgoibarko herriari beste arloetan egindakoa; Euskara, Ikastola klandestinoak, kooperatibak, lasterketak… Felix herriarentzat langile nekaezina.

Eskerrik asko guztiagatik Felix!

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.