![]() Felix Etxeberria eta Juan Mari Aranbarri milizianoaren arrastoak agertu diren inguruaren aurrean, Madariaga auzoan.
1936. urteko irailaren 21ean -tropa Nazionalak Azkaratetik sartu ziren egunean- atxilotu eta exekutatu zuten miliziano bat lurperatu zuten tokia aurkitu dute elgoibar1936 plataformako kideek. Hilobiaren gaineko lurra kentzen dihardute eta zapatu honetan (abenduak 22) eguerdiko 12:00etan aterako dituzte hezurrak.
•Bideoa: Madarixa Berri baserriko Juan Mari Aranbarrik (77 urte) 1936ko irailaren 21ean, duela 71 urte, “ziurrenik gudalozte faxistek fusilatutako” gudaria Madariagan nola lurperatu zuten azaltzen du goiko bideoan, lurperatzearen lekukoa izan baitzen.
Magariaga auzoan (Azkoitiako lurretan) atxilotu, exekutatu eta lurperatu zuten miliziano baten berri izan zuen estreinakoz Aranzadi Zientzia Elkarteak 2004. urtean.
Jaso zituzten testigantzen arabera, 1936ko irailaren 21ean jazo ziren gertaerok (soldadu-talde faxistak Elgoibarrera Azkaratetik sartu ziren egunean) eta Madariaga auzoko karobi batean -frontoitik 50 metro eskasera- hobiratu zuten auzoko baserritarrek hildako gudaria. Tokia zehatz mehatz aztertu eta gero, bertan ehortzitako milizianoaren gorpuzkinak berreskuratzeko lanak konplexuak izango zirela ohartu ziren, inguro hori zaborrrak botatzeko tokia izan baita urteetan.
•Felix Etxeberriak abian jarritako ekimena
90. hamarkada amaieran hasi ziren Felix Etxeberria “Parapan” eta beste elgoibartar batzuk 1936ko gerraz eta bertan bizia galdu zuten herritarren gaineko informazioa biltzen. Datuok Aranzadikoen eskuetan ere laga zituzten 2000. urtean, baina, arrazoi bategatik edo besteagatik bere horretan geratu zen kontua. Harik eta Elgoibar1936 taldea agertu zen arte. Gure herriko memoria historikoa berreskuratzea helburutzat duen taldeak hartu zuen Madariagan lurperatutako gudariaren gorpuzkinak lurpetik ateratzeko ardura, eta lortu dute.
•Azken ahaleginean agertu ziren arrastoak
Joan zen domekan (abenduak 16) metal detektagailu eta eskabadoraren laguntzarekin lortu zuten duela 71 urte bertan lurperatutako gizonaren arrastoak aurkitzea.
Laguntza hoberena, baina, Juan Mari Aranbarrik oroimenean gordeta zituen datuak izan ziren, sei urte zituenean bere aita eta haren lagun batek, Rafael Azpiazuk, gorpua nola eta non lurperatzen zuten ikusi baitzuen. Felix Etxeberriak azaldutakoaren arabera, “gudalozte faxistak sartu ziren egunean bailarako baserritar asko beste batzuen baserrietan ezkutatu ziren eta egun batzuk pasa arte ez ziren itzuli”. Baserritar asko baserri inguruetan topatu zituzten hildakoei lur eman beharrean aurkitu ziren, “Aranbarriren aita, esate baterako”. Goizeko 08:00etan hasi zituzten gorpuzkinak bilatzeko lanak, baina 13:00ak arte ez zuten ezer topatu: “bi txakurren eskeletoa eta zabor mordoa besterik ez”. Izan ere, zabortegitat mouan erabili dute urteetan behinola karobia izan zen ingurua. Etsitzen hasiak zirenean, baina, gudariaren kaskezurra erditik ebaki zuen eskabadoraren palak. Alabaina, “arrastoak oso egoera onean” daudela uste dute elgoibar1936koek.
•Zapatuan aterako dituzte hezurrak
Aste-barruan, Aranzadiko arkeologoen laguntzarekin, hezurren gainean dagoen lurra berdintzen jardun du eskabadorak.
•Milizianoaren identitatea |